EIFFEL DORREAZ GAIN PARISEN BISITATU BEHARREKOAK

Nagore Barrena Albisu

Beste sarrera batean azaldu dugun Eiffel Dorre liluragarriaz ez ezik, maitasunaren hiriak beste hainbat eraikin eta leku zoragarri gordetzen ditu. Sarrera honetan, horietariko hamarren berri emango dugu, Parisera joatean bisitatzea gomendatzen dizkizuegunak:

  1. Louvre Museoa

Munduko museo garrantzitsuenetarikoa izanik, beharrezkoa da Parisera joatean hau bisitatzea. Pintura-bilduma interesgarriaz gain, museo honek Egiptotik, Greziatik, Erromatik eta beste herrialde batzuetatik datozen objektu historiko asko ere biltzen ditu. Hala ere, gomendagarriena aldez aurretik museo honetan dagoena ezagutzea da, sartzean zuzenean interesgarrienak aurkitzen diren artelanetan kontzentratzeko, hauek gehiegi baitira eta turistek normalean ez baituzue guztiak ikusteko eta aztertzeko denborarik izaten. Normalean Louvre-rako sarreragatik 37 euro inguru ordaindu behar izaten dira (zuen kabuz bisitatzen baduzue), baina, hilabete bakoitzeko lehenengo igandean bazoazte, dohainik sartu ahal izango zarete. Beraz, kontutan hartu abantaila hau! (Fogg, 2012)

louvre

  1. Bihotz Santuaren basilika

Hau Pariseko elizen artean politenetarikoa da. Bere ingurune zoragarriaz, zuritasunaz, materialen kalitateaz, diseinuaz eta barnealdeaz ez ezik, eraikin honen historiak bai paristarren eta bai turisten leku gogokoenetarikoa bihurtu du basilika hau, Eiffel Dorrearekin batera. Izan ere, Pariseko bekatuak garbitzeko eraikia eta Bigarren Mundu Gerra ostean amaitua, herri-harpidetzako funtsekin esklusiboki ordaindu zen bere eraikuntza eta, ondorioz, herriaren partetzat jotzen da. (Fogg, 2012)

g_vigoenfotos_0777p

  1. Moulin Rouge

Hau zalantzarik gabe munduko kabaret ezagunena da eta baita Montmartre auzoko ikuskizun garrantzitsuenetarikoa. Haren aurrealdean 1925. urteko jatorrizko errota gorriaren erreplika bat ikus dezakegu (Fogg, 2012). Ikuskizunak dudarik gabe pena merezi du, haren “french cancan”-a ezaguna baita mundu osoan. Ikuskizun hauetan, lumak, lentejuelak, dekoratu zoragarriak, musika originalak, profesionalismo handia eta aho zabalik utziko zaituzten eszena segidak konbinatzen dira. Aukerei dagokienez, hauek eskaintzen zaizkizue: ikuskizuna, ikuskizuna eta champagne eta champagne edo afaria eta ikuskizuna. Aukeraren arabera, ordaindu beharreko prezioa desberdina izango da, 80 eta 180 euro artean (Querol, 2008).

moulin1

  1. Carrusel Lorategia

Louvre Museotik hurbilen dagoen lorategia da. Karruselaren garaipen-arkua nabarmentzen da, haren zortzi arrosa koloreko marmolezko euskarriengatik interesgarria dena (Uribarri, 2014).

g_vigoenfotos_3267p

  1. Garnier Gaztelua

Haren simetriak, estiloak, dotoreziak eta proportzioek eraikin hau zoragarria eta ederra egiten dute, eta haren barnealdea ere liluragarria da. Egungo Pariseko Opera eta Musika Gaztelua da eta bertan igarotzen dira “Operako Mamua” obra ezagunaren gertakizunak (Querol, 2008).

palacio-garnier-de-paris

  1. Concordia Plaza eta bere obeliskoa

Louvre Museotik gertu dagoen plaza zoragarri honetan Europa osoan kontserbatzen diren obeliskoetako ederrenetariko bat aurkitzen da. Egiptoko guda napoleonikoetan zehar egiptoarrei ostuta, hiriko gune turistikoenetariko batean bilakatu da, non ikuspegi liluragarriak aurkezten diren (Querol, 2008).

plaza-de-la-concordia-paris

  1. Eliseo zelaiak

Pariseko bide nagusi garrantzitsuenetariko bat da, non munduko denda garestienak eta ezagunenak aurkitzen diren. Horretaz gain, kale honetan “Le Lido” ikuskizunaz goza dezakezue, “Moulin Rouge”-en estilokoa den Pariseko ikuskizun zoragarrienetarikoa (Grossman, 2009).

paris-1123

  1. Garaipen-arkua

Arku hau bidegurutze baten erdialdean kokatuta dago. Hona heltzeko bide bakarra lurpeko oinezkoen pasabide bat igarotzea da (Fogg, 2012). Bertara iristean, eraikina posizio eta pose desberdinetatik ikusi eta aztertu dezakezue, eta honen argazki desberdinak atera. Gainera, arkuaren goialdera igo eta Eliseo Zelai itzelak begietsi ditzakezue (Grossman, 2009).

th

  1. Sainte Chapelle

Hau Pariseko erdigunean kokatuta dagoen tenplu gotiko bat da. Honen barrualdea zoragarria eta liluragarria da eta haren beirateek beste dimentsio batetara garraiatuko zaituztete (Fogg, 2012).

Sainte_Chapelle__Paris_by_yetieater

  1. Notre Dame Katedrala

Hau Pariseko beste leku bereizgarrienetariko bat da eta izen bereko konkordunaren obra eta batez ere Disney pelikula argitaratzean, oraindik ere ezagunagoa egin zen. Eraikina barrutik ikusteaz gain, gomendagarria da haren dorreetariko batera igotzea Pariseko ikuspegietaz gozatzeko (Grossman, 2009).

Notre-Dame-de-Paris-1

Espero dugu informazio guzti hau lagungarria izatea eta Parisera joatean leku eta eraikin eder hauetaz gozatzea!

Erreferentziak:

Anuncios

BON APPÉTIT!

Nagore Barrena Albisu

Gaur egun inoiz baino gehiago, Paris sukaldaritzaren fintasunaren eta paradisuaren ikur bihurtu da. Hiruburu frantsesaren eskaintza gastronomikoa izugarritzat jotzen da eta gustu guztiei egokitzen zaie (Uribarri, 2014). Beraz, hiri honetara joateko asmoa baduzue, hona hemen bertako gastronomiaz bere osotasunean gozatu ahal izateko gida lagungarri bat, seguraski eskertuko duzuena.

Lehenik eta behin, Parisek janaria eskaintzen duten 12.000 establezimendu baino gehiago dituela aipatu behar da. Jatetxeetariko gehienak hamabosgarren barrutian aurkitzen badira ere, otordu lasterreko etxeak eta autozerbitzuak zortzigarren, bederatzigarren eta hamazazpigarren barrutietan kokatuta daude. Egia esan, turistek azkenaldian azken hauek nahiago ohi izaten dituzte egunean zehar eta, hori dela eta, Pariseko okindegiak eskaera honetara egokitu dira, prezio aparteko menu erakargarriak eskainiz, horrela turistek haien denbora preziatua galdu ez dezaten. (Kreiman, 2011)

Paristar gastronomia bere soiltasun dotore eta finagatik eta bere produktuen freskotasunagatik bereizten da. Haragietan eta hegaztietan aberatsa izan ez ezik, gozogintzan eta gaztetan barietate nabarmena eskaintzen digu sukaldaritza honek. Ogi motei dagokienez, hainbat mota desberdin aurki ditzakegu baita ere, hala nola, baguette-ak ala brioche-ak (Risco, 2014). Orokorrean, Pariseko gastronomiako produktu baloratuenak croissants-ak, baguette-ak, txokolateak, kafea, saltsak, ardoak eta gaztak izango lirateke. Plater tipikoenen artean, aldiz, tipula zopa, patata eta porru zopa, tortilla, chateaubriand-a (haragi mota bat), xerra parrilara eta ahatea daude (Dupont, 2014).

croissant-cafe-1024-postbit-362    url

Hala ere, plater eta produktu guzti horietaz gain, bisitariek Pariseko jatetxeetako giro lasai eta informala eta zerbitzarien aditasuna balioztatzen dute, eta baita bazkalondo luzeen aukera. (Kreiman, 2011)

Nahiz eta bakoitzak gustu eta ohitura desberdinak izan, lagungarria eta gomendagarria izan daitekeen gida bat prestatu dugu, Parisera doanak egunean zehar jan dezakeena jakin dezan.

Egunari hasiera ona emateko, gosari paristar erraz bat izango litzateke onena, hau da, kafe katilukada bat eta momentuan egindako croissant bat, gurin freskoarekin. (Kreiman, 2011).

Hamaiketako moduan, aldiz, okindegi bat bisitatu ditzakezue eta bertan nahi beste baguette, brioche edo galette eskatu, labetik atera berriak direnak. (Kreiman, 2011)

Bazkaltzeko ordua iristen denean, hirian zehar turismo gastronomikoa egitea ez litzateke aukera desegokia izango. Horrela, Pariseko azoketariko batzuk ezagutu ahal izango zenituzkete. Hauen artean, hala nola, Président Wilson-en etorbidean (Tokyoko eta Galliera jauregien artean) aurkitzen dena egongo litzateke, non barazki, fruitu, pasta, haragi eta zapore ahaztezinezko gaztak eskaintzen diren. (Kreiman, 2011)

Askarirako, txokolate katilukada, tea edo sorbetea gomendatzen ditugu, jatetxe baten zabaltzan edo espaloiko mahaitxoetan gozatzeko. Edari hauek dacquoise (merenge eta fruitu lehorrak) bizkotxoez, sablées edo gurinarekin oratutako pastetaz, tarta desberdinez eta hostopil bikainez lagunduak izan daitezke. Horretaz gain, turista batzuek hiri kanpoaldeko guingettes edo askaldegi berritzaileetara joateko asmoa izaten dute. (Kreiman, 2011)

Askari eta afari artean, aperitibo bat har dezakezue: gazta gozo eta Goutte d´Or ardo zuri bezalakoak asmo honetarako ezinhobeak dira. (Kreiman, 2011)

Bukatzeko, afari orduan bi aukera gomendatzen dizkizuegu: batetik, Quai d´Orsay-ko Urrezko Triangeluko (Sena, Eliseo Zelaien hiribidea eta Concordia plaza) jatetxe eta brasserie-ak, non entzute handieneko batzuk aurkitzen diren (La Balancoire, Taillevent, Les Papilles eta Au Petit Sud Ouest aholkatzen dizkizuegu) (Dupont, 2014) eta, bestetik, hamairugarren barrutiko bistró sinple bat. Edonola ere, konpainia onean terraza edo lorategi batek eskaintzen duen erosotasunean kokatzea da garrantzitsuena, eta menu paristar batez gozatzea: plater dotoreak, umore ezinhobea eta sasoiko produktu freskoak, “á la Parisienne” erara prestatuta, noski. (Kreiman, 2011)

Taillevent-1    145

Beraz, Pariseko izen handiko jatetxe eta platerrak ezagututa, zerk galarazten dizue hauek dastatzera joatea? Hartu maleta, joan gastronomia paristarraz gozatzera eta ez ahaztu jan aurretik Bon appétit esateaz!

Erreferentziak:

PARIS IS ALWAYS A GOOD IDEA

Nagore Barrena Albisu

Audrey Hepburn aktoreak esan zuen bezala, Paris beti ideia ona da. Frantziako hiriburu zoragarri honen eta herrialdearen beraren adierazgarrietako bat, zalantzarik gabe, Eiffel Dorrea da. Sarrera honetan, 41 urtez munduko estruktura altuena izan zen eraikinaren berri emango dugu (Uribarri, 2014), Parisera joatekotan zalantzarik gabe bisitatu beharrekoa!

audrey_hepburn_69151-1400x1050

Hasteko, eraikin honi buruzko historia apur bat jakitea ez legoke txarto. Maurice Koechlin eta Émile Nouguier-ek diseinatuta (Eiffel & CO konpainiako sail desberdinetako buruak) eta Gustave Eiffel ingeniari frantsesak eraikita, Eiffel Dorrea 1889. urteko Parisko Nazioarteko Erakusketako ikur bihurtzeko asmoarekin sortu zen, non Frantziar Iraultzaren mendeurrena oroitzen zen (Jones, 2006: 48). Dorrearen eraikuntzan 200 langilek hartu zuten parte eta bi urte eta bi hilabete behar izan zuten hau bukatu ahal izateko, 18.038 burdin atal elkartu behar izan baitzituzten (McAuliffe, 2011: 89).

AF3

Hasiera batean, herritarrek uko egin zioten, garaiko gustu onarekin bat ez zetorrela eutsiz eta eraikuntza itsusia eta ez-beharrezkoa zela adieraziz. Izan ere, eraikinak XX. mende amaieran sortu zen arkitektura egiteko era berriaren (Burdinezko Arkitektura) ezaugarri guztiak zituen, haien artean, bai egitura zein dekorazioa burdinez eginda zeudela eta eraikinak, estetikan ez ezik, karakter praktikoan ere zentratu zirela (Caro, 2013). Horrela, Eiffel Dorreak ez zuen arrakasta masibo eta iraunkor bat ezagutu hirurogeigarren hamarkadara arte, hots, turismo internazionalaren garapenera arte. Hau hain handia eta azkarra izan da non, gaur egun, urtero 7 milioi pertsona inguruk bisitatzen duten, era honetara ordaindu beharreko munduko monumentu bisitatuena bilakatu delarik (Vazquez, 2011).

CIENTOS-PERSONAS-ANIMARON-CONVIRTIERON-TROCADERO_CLAIMA20110905_0042_19

Eraikinaren ezaugarriei dagokienez, 125 metroko zabalera du lurzoru mailan eta 305 metro luze neurtzen ditu. 41 urtez, munduko estruktura altuena izan zen, New York-eko Chrysler eraikina sortu zuten arte, 1930. urtean (Jones, 2006: 35). Hala ere, 305 metro hauei beste 15 gehitu behar zaie eraikinak gailurrean duen antena kontutan hartzen badugu. Izan ere, Eiffel Dorreak, simetrikoki perfektua den eraikin estetikoa eta ederra izateaz gain, funtzio praktikoa ere badu, seinaleen igorpenaren kalitate hobea baimentzen du eta (Ruiz, 2013).

Eraikina ikusi bezain laster hiru plataforma daudela igarri dezakegu. Hauetara igogailuz zein oinez igo gaitezke eta ezaugarri desberdinak dituzte. Lehenengoa beheko arkuen gainean kokatuta dago, lurzorutik 57 metrora, eta 3.000 pertsonarako espazioa du. Erdiko plataforma 115 metrora dago eta 1.600 pertsona sartzen dira bertan, eta azkenengo plataforma lurzorutik 274 metrora aurkitzen da. Bertan, 400 pertsona sartzen dira, beirate izugarri batez eta, era berean, Parisko ikuspegiez gozatzeko aukera dutelarik (Caro, 2013). Horretaz gain, hiru plataformetan zehar jatetxe desberdinak aurki ditzakegu, prezio desberdinetara. Lehenengo pisuan, adibidez, bazkariak 20 euroko prezioa izan dezake eta afariak 70 eurokoa. Bigarren eta hirugarren pisuetan, aldiz, apur bat garestiagoa izango da (Vazquez, 2011).

Par_s_desde_la_Torre_Eiffel_26_

Eraikinera igotzeko prezioak ere desberdinak dira, igo nahi den pisuaren, igogailua hartu edo ez hartzearen eta pertsonaren adinaren eta ahalmenen araberakoak, hain zuzen. 4 urte baino gutxiago dituzten umeentzat, adibidez, sarrera dohainik da. Gehienezko prezioa, hau da, minusbaliotasunik ez duen pertsona heldu batek hirugarren pisura igogailua hartuz ordaindu beharko lukeena, aldiz, 13,40 euro dira (Vazquez, 2011).

Ordutegiei dagokionez, hauek ere aldakorrak dira, urte sasoiaren araberakoak. Ekainaren 17tik abuztuaren 28ra Eiffel Dorrera igotzeko ordutegia 09:00etatik 00:45ra izango da. Urteko gainerako datetan, aldiz, 09:30tik 23:45ra (Vazquez, 2011).

Bukatzeko, esan beharra dago, Eiffel Dorrea, funtzio estetikoa eta praktikoa izan ez ezik, nazioarteko garrantzizko gertakari askoren agertoki ere badela (Downie, 2011: 44). Zalantzarik gabe, eraikin hau bisitatzeak pena merezi du, eta guztiz maiteminduko zarete hau ikusi bezain laster. Beraz, zeren zain zaudete? Prestatu maleta eta joan munduan zehar Frantziako ikur eta maitasunaren hiriaren balkoia den eraikin zoragarri hau bisitatzera! Ez duzue damutuko!

Erreferentziak:

    • Jones, C. (2006). Paris: the bibliography of a city. Londres: Penguin Books.

    • Downie, D. (2011). Paris, Paris: Journey into the city of light. San Francisco: Broadway Books.

    • McAuliffe, M. (2011). Dawn of the Belle Epoque: The Paris of Monet, Zola, Bernhardt, Eiffel, Debussy, Clemenceau, and their friends. New York: Rowman & Littlefield Publishers.